Hemen zaude

San Andres parroki eliza

Eltziegoko San Andres parroki eliza Mayor ibaiaren bazterrean  dago, herriko Plaza Nagusitik urrun. Nibelatu ahal izateko izugarrizko plataforma eraiki behar izan zuten, ikusgarria ibaitik begiratuta.
Parrokian biltzen dira zenbait arkitektura estilo, hasierako gotikotik hasi eta sakristia berriko neoklasikoraino.
Eraikinak, XVI. mendean harlanduan eginak, ohikoa den bezala, aldare nagusiaren aldea ekialderantz du; kanpotik uniformea dela badirudi ere, kronologikoki ez da horrela. Barnealdean nabaritzen da ongien eraikinaren bilakaera estilistikoa eta kronologikoa. Elizak nabe bakarra du, izugarri handia, 40 m luze, 16 m zabal, gurutzaduran 26 izatera heltzen direnak, eta 18,5 m altu.
Arkitektura estilo zenbait erabili zituzten bertan. Lehenengo bi atalak, dorreetatik hurbilen daudenak, gotikoak dira, habe nerbiodunekin eta arku formero zorrotzekin; hirugarren atala klasikoagoa da, izan ere, habeei pilastra hegaldunak erantsi zizkieten eta haien gainetik sortzen dira izar-gangen nerbioak. Berpizkunde estilo garbiena duen atala gurutzadurakoa da, han erdi-puntuko lau parpain-arku dira gaineko izar konplikatuaren euskarri. Aldare nagusiaren ingurua hargintza lan izugarriko abside erdizirkularrak osatzen du, erabat arrakalatua bera. Sakristiara gurutzaduraren eskuineko aldetik sartzen da, eta horixe da, hain zuzen ere, sakristia neoklasikoa, parrokian azkena egin  zen obra.

Erretaula Nagusia
Erretaula Nagusia, XVII. Mendearen erdialdera egina, barrokoko lehen garaietakoa da eta baditu Berpizkunde garaiko eraginak ere, obra guztian ikus daitekeen bezala. Pintura geroagokoa da, XVIII. Mendearen hasierakoa.
Erretaulak basamentua, hiru atal eta atikoa ditu eta hiru kale eta lau kale artetan banatuta dago. Basamentuaren  egitura Berpizkunde garaikoa da eta santuen erliebeak eta bi panel ditu; azken horietan Jesusen Atxilo Hartzearen eta Gurutzea bizkarrean zuela Jesusen Erorikoaren eszenak ageri dira. Basamentuaren parte da, garai bereko sagrario bat ere, eta erretaula guztiko bi tailurik garrantzitsuenak dituena, San Pedro eta San Pauloren bi irudi erdi isolatu, hain zuzen ere.
Kale-arte guztietan apostoluen irudiak ageri dira, eta kaleetan, lehenengoan XIX. mendeko ekisaindua eta bigarrenean San Andresen irudia azaltzeaz gain, Deikundearen eta Jaiotzaren eszenak agertzen dira, Errege Magoen Adoraziorenak eta Egiptorako Ihesaldiarenak bigarrenean, Ikustaldiarenak hirugarren kalean, eta konposizio guztia koroatzeko, Betiereko Aita frontoi kurbatuan, eta haren gainean Kalbarioa.

Beste zenbait erretaula
Badira elizan beste erretaula batzuk ere, irudi dantza etengabea eta aldaketa ugari izan dituztenak. Gurutzadurakoak Aldare Nagusiaren garai berekoak dira eta egitura arkitrabatua dute. Santo Kristori eskainitakoa kalitate handiagokoa da eta basamentuan Zigorraldia eta Arantzazko Koroatzea ditu irudikaturik, bestea Arrosarioko Ama Birjinari dago eskainia.
Lehenengo atalak bi erretaula rococo ditu. Antza denez, bat, San Joseri eskaini zitzaion, egun, beste tailu bat badu ere; eta Andre Mari Doloretakoari eskainitakoa, hasiera batean San Juani eskaini zitzaion eta gero antzaldatu zuten. Honek basamentuan “tumbao” izeneko irudia zuen; Tailu oneko Kristo bat da, beso artikulagarriak dituena, eta  orain gutxi egindako berriztapenen ondotik, koruko atearen ondoan jarri dutena.
Bigarren atalean Apezpikuaren erretaula eta San Antoniorena deiturikoa daude, parrokiako artxibategian azken hau San Joakinena dela agertzen bada ere. Lehenengoa organoaren azpiko aldean dago eta bi mihise eta bi irudi isolatu ditu, geroago jarritakoak irudiak. Manuel Francisco Navarrete y Ladrón de Guevara jaunak ordaindu zuen, herriko seme eta Mondoñedoko Apezpiku eta Burgosko Artzapezpiku izan zenak.

Korua eta koruko aulkiteria
Eltziegoko korua plateresko estilokoa da eta arku beheratu baten gainean dago. Bere ikonografia pertsonaia klasiko eta santu batzuen bustoen medailoiek osatzen dute.
Eraikin guztiaren ildoari jarriki, xumea eta dotorea da, intxaurrondozkoa eta bi saiotan egina:
XVI. mendea: gehiena orduan egin zen; aulkiak lauak dira, bizkarralde xumekoak, goiko aldean zutabetxo arrakalatuz bereziak eta beheko aldean landare-dekorazioa dute.
XVIII. mendea: moldaketa txiki bat egin zuten, albo-panelak erantsi baitzizkioten, horietarik bi urre-koloreko panelez dekoratuak.

Pulpituak
Pulpituak XVIII. mendean eginak dira, bata bestearen irudiko, eta burdinazko balaustraz eraikitako balkonajea urre-koloreko xaflaz estalita dute, eta ahots itzulkin altu-altua.

Organoa
 XVIII. mendearen hasierakoa da, estilo klasikokoa eta hodi ugari falta bazaizkio ere, jardunerako moduan dago. Lehengo beste batzuk, eta ez oraingoa baino garrantzia txikiagokoak,  galdatzetik sortua da oraingo hau, eta duen tamaina puska dela eta, balkoi korritua egin behar izan zuten korutik bertara iristeko.

Margoak
Absideko hormak, gurutzadurakoak eta lehen atalekoak, gurutzadurako mihiseak bezalaxe, XVIII. mendean polikromatu zituzten, baina zeukaten egoera kaxkarra zela eta, haietako baten goiko erdia ezin izan zuten berreskuratu, berriztatu zutenean.

Dorreak
Dorreak portadaren bi aldeetan daude, eta beren oin pentagonal irregularra, eta zazpi arku beheratuk osaturiko “loggia” batek  koroaturiko arku handi batek elkartuak egotea, dituzte ezaugarri nagusi. Eskuinaldekoak, goiko aldean, harrizko balaustrazko balkoi korritua du, bertan ezkilak daude; eta pinakulu eta ertz koskadunak dituen kapitel piramidal batez koroatua dago. Ezker aldekoa estuagoa da eta irregularra hau ere; goiko aldean hegal balkonatua du eta kapitel bat, eraldatua ezkila bat jartzeko.

Imágenes: