Hemen zaude

Gaita eta gaita-jotzaileak

Egoki iritzi diogu gaitari atal berezia eskaintzeari, izan ere, bertako musika-tresnarik garrantzitsuena eta garapen handiena izandakoa eta duena baita, ez gure herrian bakarrik, baita Arabako Errioxa guztian ere. Eltziegoko artxibategietako idazkietan, eta erlijio ospakizunetako organoa salbu, XVII. eta XVIII. mendeetako ordainketa guztiak gaitak jaso ditu. Musika tresna hau ezinbestekoa zen herriko erlijio ospakizun eta jai guztietan.
XIX. mendean  eta XX.aren hasieran batez ere, askotan,  musika bandek hartu zioten aurrea gaitari, ikusgarriagoak baitziren eta oso modakoak. Baina gaitak eutsi egin zion herriko ohiko jaietako musika-protagonista izateari. Gure aiton-amonek esaten duten bezala “gaitarik gabe ez da jairik ”, eta esan beharrik ez dago, Eltziegoko herritar bakar batek ere ez lukeela ulertuko gure dantza zaharrak gaitarik gabe dantzatzea.
Sarreratxo honen ondotik, Gaita - gaiteroa - Eltziego harremana azalduko dugu.


Gaita XVII. eta XVIII. mendeetan

Udal-artxibategietan aurreko mendeetan dagoen dokumentazio falta dela eta, agiriak aurkitu ditugun mendeetako azterketa laburra eginen dugu. ez dugu uste gaiteroei eginiko ordainketen zerrenda egitea beharrezkoa denik, eta horregatik, lorturiko dokumentaziotik atera ditugun ondorioak, labur-labur, azalduko dizkizuegu.
Dirudienez, gaita-jotzailea kanpotik etortzen zen; hala adierazten dute behintzat, soldata eta otorduak ordaintzera bideratutako pagamenduek. Gainera, batzuetan zehaztu egiten da, “etorri zen gaiteroa” ( 1679 – 1680 urteak), eta diru-kopuruak gainerako urteetakoak bezalatsukoak dira.
Soinu-jotzailea pertsona bakarra izaten zen, gaita bikotea XVIII. mendearen erditik aurrerakoa da. XVIII. mendean atabalaria aipatzen da, aurreko urteetan ez bezala.
1707an gaitero baten izena ageri da: Juan Jiménez; (Eltziegoko biztanlea ote zen uste dugu,  ea parrokiako artxibategiko jaiotze eta heriotza agiriek argitzen diguten).
XVIII. mendearen erdia ongi joana da, dultzaina izena ordainketa batzuetan agertzerako eta gaita izenarekin txandakatuko da hurrengo urteetan.
Gaita - jotzailea  urtero agertzen zen Santa Isabel jaietan eta iraileko Ama Birjinarenetan, eta, batzuetan, prozesio eta dantzekin egiten ziren bederatziurren eta erreguteetan.


Gaita XX. mendean

Mende honen lehen erdialde guztian, iraileko jaietan zuten gaitariek hitzordu nagusia (dianak, karrika-dantzak, dantzaldiak eta dantzetarako soinua). Gaiteroak ondoko herrietatik, Villabuenatik eta Guardiatik, etortzen ziren; gaita izugarri garatu zuten bi herri, eta horietatik hedatu ziren eta eutsi zitzaien gure soinu eta dantzei eskualde guztian. 40ko urteak arte Villabuenakoek zuten lan hau egiteko ardura, ondoren Guardiakoak etortzen ziren zintzo-zintzo hitzordura.
Gaiteroen distira behera egiten ari zen unean, hain zuzen ere, (Perfecto Gilek jada ez zuen Villabuenan jotzen, Jesus Martinezek luze zeraman eri heriotzara eramanen zuen gaixotasunaren kontura), eta zail jotzen zenean musika-tresnaren etorkizuna eskualdean, orduantxe sortu ziren Eltziegoko Gaiteroak.

Eltziegoko dantzen euskarri izatea eta bertako musikaren inguruko jakin-mina izan zituztela hastapenetan esan  dezakegu. Jesús Fernández Ibañezek eta Juan Carlos Gómez Palaciosek osatu zuten lehenengo gaitero bikotea 1977an, danborrean Juantxu Gómez Palaciosek lagunduta. Hasierak, beti bezala, zailak izan ziren.
Urte gutxiren buruan Jesusek Eltziego utzi egin behar izan zuen, lan kontuak zirela eta, eta Juan Carlosek anaiaren laguntza izan zuen, gaita jotzeari ekin baitzion horrek. Danborrean José Luis Gallego hasi zen, eta zenbaitetan, Victor Marcos ere aritzen zen. Gero eta emanaldi gehiago zuten, eskualdeko beste dantza-talde batzuekin ere aritzen baitziren, eta, aldi berean, Euskal herriko ia festa guztietan parte hartzeko eskariak jasotzen zituzten (Gasteiz, Azpeitia, Azkoitia, Baiona, Bilbo, Iruñea, Donibane Lohitzune...) Bartzelonan, Villafranca del Penedésen, Madrilen, Sevillan, Tenerifen eta Najera/Naiaran eta Bruselasko antzinako musika jaialdietan ere aritu izan dira.
Gasteizko bandarekin, Elgoibarkoarekin, Guardiakoarekin, Eltziegokoarekin, Azpeitikoarekin... batera aritu izan dira kontzertuetan eta zenbait diskotan laguntzaile ere  izan dira. 1987an grabatu zuten lehen diskoa, ARABAKO DANTZAK. Bertan bildurik daude Guardia, Villabuena, Páganos eta Yecorako  dantzak. Lan hori 1993an burutu zuten, bigarren diskoa grabatu zutenean, ARABAKO D ANTZAK-II eta bertan ageri dira Eltziego, Kuartango, Oion eta Pipaongo dantzak. Lan hau egitean grabaturik utzi zituzten gaitarako Araban diren dantza guztiak, egun, bakoitza bere herrian jotzen diren bezala. 
1997an grabatu zuten hirugarren diskoa. Aurreko lanak Arabako dantzen bildumak izan baziren ere, hurrengo hau, alboko herriko gaiteroak izandako Guardiako NICOLÁS GARCÍA eta JESUS MARTÍNEZi eskaini zieten. Horretarako, Jesús Martínezek Nicolás Garcíarengandik jaso eta handitu zuen 760 partiturako errepertoriotik aukera egin zuten,  eta  garai hartan gehien erabiltzen ziren erritmoen artean 22 hautatu zituzten, bi musika-lan berritzailerekin batera: Gaita eta Bandarakoa bata eta Gaita eta Latindar Musika Talderakoa bestea.
Une hartan izan zuten “the latin gasteiz band” taldearekin elkarlanean aritzeko ideia. GAITEROS DE ELCIEGO & THE LATIN GASTEIZ BAND taldeak, Nicolas Garciari eskainitako diskoan elkarrekin arituak, gaitaren soinua eta haize-metal instrumentuak,  baxu elektrikoa, pianoa eta latindar perkusio instrumentu sorta zabala tartekatzen zituenak, zenbait kontzertu eman zituzten Euskal Herri guztian.  
Orain, 2003an beren 25. urteurrena ospatzeko eginen duten diskoaren lanketan ari dira. Era berean, garai honetan, beren errepertorioko partiturak jasoko dituen liburu bat argitaratzekotan dabiltza, 25 urte hauetan Eltziegoko gaitari gisa egindako ibilbidea ere jasoko duena; eta erakusketa bat egitekotan, zenbait argazki, pasadizo, prentsa artikulu, instrumentu, eta abarrekin. Horren guztiaren informazio zehatza izanen duzue webgune honetan.

Musikari hauen jardueraren berri zehatzagoa izateko lotunea egin Youtubeko   " Gaiteros de Elciego   kanalarekin.  

Imágenes: