Hemen zaude
Etxeen Tipologia
Eltziego Guardiako herrixka izan zen XVI. mendea ongi aurreratu arte. Garai honetako eraikinen batzuk kontserbatzen dira, baina erabat aldatuak, egun. Sarrera mantentzen dute, erdi-puntuko arkuarekin, eta batzuetan, oraindik ikus daiteke armarria, San Andresen gurutzea arkuaren giltzarrian duela. Antza denez, armarri honek, kofradiako kideren batena dela etxea adierazten du, herriaren sortzaile izan zirenen taldeko norbaitena, alegia. Antzina, hogeita hamahiru omen ziren sortzaileak, egun, ordea, hamaika edo hamabi baino gehiago ez dira.
XVII. mendean “jauretxeak” eraikitzen hasi ziren, elkarren antzekoak denak. Guztiek funtzio berak betetzen zituzten, bai ekonomian, bai bertakoen bizitoki gisa.
Bloke-etxeak dira, trinkoak eta kubikoak, estaldura lau aldetara dutenak. Ongien kontserbatzen direnetan, hegalek, hegal hauek XVIII. mendea baino lehenagokoak ez dira izaten, landare motibo estilizatuak erabilita, ederki landutako zuburuak izaten dituzte.
Eraikin barrokoak hiru motatan tipifikaturik daude: nekazaritza edo artisautza etxeak, jauretxeak eta jauregiak. Azken hauek gehienetan distribuzio bera izaten dute. Beheko solairuan etxaldeak duen jardun ekonomikoarekin loturiko lekuak egoten ziren (aziendentzako ukuiluak, nekazaritza lanetarako tresnak eta biltegiak orokorrean). Eskailerak garrantzi handia zuen eta toki zabala hartzen zuen; argizuloa izaten zuen gainean eta solairuak lotzeko balio zuen. Lehenengo solairua eskaileraren inguruan zegoen banatuta. Sukaldea oso garrantzitsua zen lehen solairuan, ez hala ere, etxebizitza eredu apalagoetan bezainbeste, oinarri-oinarrizkoa baitzen horietan; “Sala” ere nabarmena zen, jangela-logela handia zen eta atariaren gainean aurrealdera irekia; sala-logela itsua sistema ere, oso erabilia eta funtzionala zen, garai hartan. Batzuetan, hegoalderantz irekia zen galeria ere eraikitzen zuten.
Arabako Errioxa guztian, kanpoko dekorazioa, armarrien eta, batez ere, burdinerien bitartez egina da. Burdineria hauek ez dira XVIII. mendea baino lehenagokoak izaten, eta aurreko ereduetatik kopiatuta egiten dira. Eltziegon badira horrelako lanen adibide bikainak, Casa de “los Hierros” izenekoa, besteak beste.
Navarrete Ladrón de Guevara Jauregia edo "Casa de los Hierros"
Plaza Nagusian, iparraldean dago. Francisco Manuel Navarrete Ladrón de Guevara, Mondoñedoko Apezpikua eta Burgoseko Artzapezpikua izandakoaren sortetxea da, eta parrokian, organoaren azpiko aldeko erretaula, berak aginduta egina da.
Jendeak “Casa de los Hierros” izena ematen diona, sekulako etxe barrokoa da, sotoa eta bi solairu dituena, eta izkina egiten duen balkoi jarraitu itzela du; Plaza Nagusitik begiratuta izugarria da balkoia. Burdinazko kartela bikainen gainean daude balkoiak, batzuetan ia-ia lurretik ateratzen diren kartelatan. Bertako errementaritza lana, ez Arabako Errioxa inguruan bakarrik, Euskal Herrian ere hoberenetakotzat hartua da.
Kanpoko aldean zurginen lan nabarmena kontserbatzen da, 2 zenbakiari dagokion zatian, erlaitz landuaren gainean pausatzen diren teilatu-hegaleko zuburu landuetan. Hauxe da ongien kontserbaturiko zatia. Barnealdetik, denboraren joanean gehien galdu duen eraikinetakoa izan daiteke. Egun, Norte kaleko 2, 4 eta 6 zenbakietan dauden hiru etxebizitzetan banatua dago eta horrek barne-moldaketa asko baldintzatu du. Jatorrizko sarbidea 4 zenbakitik zuen; han eskailera arku beheratu batean hasten da, inposta landuetan finkatuta, eta erdian sabai-leihoa duen kupula ikusgarrian amaitzen da. Armarria, izkinako bi aldeak hartzen dituena, hegoa eta mendebala, geroagokoa da, eta apezpikuaren beraren armarria da, nahiz eta oinetxearen elementu nabarmenak ere izan, era xume eta estilizatuan.
Ramírez de la Piscina Jauregia
Ramírez de la Piscina-tarren hiriko jauretxea Barco kaleko 1 eta 3 zenbakietan dago, Plaza Nagusiko H-E izkinan. XVII eta XVIII. mendeetako bi jauregi barroko dira, kanpotik oso egoera onean kontserbaturik daudenak. Bi solairuko eraikinak dira, apaindurarik gabekoak eta herriko eta eskualdeko beste batzuk bezala, harlanduz eginak. Burdin hesiteria kalitate onekoa da bi eraikinetan, balkoietako sabai-aurreenak artaburu bikoitzeko barrote eraztundunak ditu, txapa muxarratuzko esku-banda eta kiribil bikoitzeko kartelak. Zurgin lana ere ona du, hala ikus daiteke teilatu-hegal landuetan pausatzen diren zuburu zizelkatuetan. Bi armarri ageri ditu aurrealdean, izkinan dagoena da Ramírez de la Piscina-tarrena. Barnealdearen distribuzioari dagokionez, mota honetako eraikinen ezaugarri guztiak ditu; eskailera kupula polikromatu itxurako sabai-leiho batek koroatzen du.
Upeltegi bat ere badu sotoetan, erdi-kanoiko gangak eta ganga zorrotzak kateatuta egina eta harlandu luzezko dobelatan amaitua; upeltegiaren galeria batzuk eraikinaren azpitik abiatu eta, kalea gurutzatuta, aurreko etxadian amaitzen dira. Eraikinen atzeko aldearen jatorrizko trazatua ere mantendu dute, eta han oraindik patioak daude ikusgai.
Jauregi hau Monumentu izendatu du Eusko Jaurlaritzak, Ondasun Kultural kategorian kalifikatua.
Zárate Nabar Jauregia
XVIII. mendeko jauregia da, Capitán Gallarza kaleko 14 eta 16 zenbakietan dagoena. Kanpoaldetik bi solairuko eraikina da, harlanduzkoa, errementari lan ederra du, kartela bozelduen gaineko alboko balkoietan ikus daitekeen bezalaxe; erdiko balkoi zoragarriak harrizko mentsulatzar ederra du oinarri, eta aurrealdean badu asimetrikoki kokaturiko armarri bat honako ele hauekin: Zarate Nabar.
Barnealdeak mota honetako eraikinen ezaugarri guztiak ditu (etxebizitza goiko solairuan, behekoan ukuiluak aziendentzat, etxaldearen lanketarako tresnen biltegia, etab.), atari enkatxatuak jauregian gailentzen den armarriaren ertzarekin marrazkia osatzen du, eskailera zabalak arku beheratu batean hasten dira. Egun, bi etxebizitzatan banaturik dago eta horrek aldaketak eragin ditu barnealdean, ez ordea, “Casa de los Hierros” delakoan bezain gogorrak.