Hemen zaude

Mapa

Atxikitutako fitxategiak:

Monumentu historikoak

Deskargatu (PDF - 0.86Mb.)

Pikota eta Gurutzadura

Pikota

“El Rollo” izenaz ezagutzen den tokian egon zen Pikota. Herriko alderik altuena da; han zegoen, zutabe honek adierazten zuelako Eltziegok bazuela justizia soziala eta zibila banatzeko eskumena, XVI. mendean Guardiatik independiente izatea lortu zuenetik. Independentziarekin batera, Felipe II.ak baimendu zuen Eltziego urkabea, labana, harrapagailua/artea eta pikota izateko, garaiko herrien autoritatearen ezaugarri gisa, hain zuzen ere..
Justizia rollo zilindrikoa eta, ohi den moduan, kono-enbor batek errematatua da pikota.

Gurutzea

Ez daiteke plaza honen inguruko ezer argitu, aldez aurretik, zenbait datu kontuan hartu gabe:
1.- Egun “Gurutze” edo “Crucero” gisa ezagutzen dugunaren jatorrizko kokalekua, eta antzina “Gurutze” deiturikoarena ez da oraingoa, Gurutzea, Villabuena, Navaridas eta Guardiako bidegurutzean baitzegoen.
2.- Gurutzearen kokalekua ez da bidegurutze bat egotearen ondorio (eta hortik letorke gurutzea), Kalbario bat izatearen ondorio baizik, eta gurutzea Kalbario horretako parte izanen zen, Villabuenako bidean. 
3.- Villabuenako errepidean bada Kalbario horren osagaietako beste bat ere, aski hondatua bera; hamalaugarren eta azken egonaldiaren ondoan jartzen zen hilobi-kapera txikia izan liteke, Kalbarioa bukatzean bertan otoitz egiteko; "los Huesos de Jesucristo” izenaz da ezaguna Eltziegon. Eraikin trinkoa da, harlanduzkoa eta hondatu antza dagoena. 3.36 x 1.54 eta 1.82 m altu ditu neurriak, eta, koroatzeko, behekoaz gora jarritako azpil itxurako estalkia. Kanpoko dekoraziotik kontserbatzen den bakarra bi horma-hobi dira, alde guztietan bina zulo biribil dituztenak, eta zertarako ziren ez dakigunak. Egun, berriztatuta dago eta hilerriaren ondoko lorategietara eraman dute, duen hilobi-izaera kontuan hartuta.

Gurutzeko Plaza

Gurutzeko Plazaren erdian, harrizko hiru mailaren gainean dago “Gurutzea” gainean  duen idulkia, egungo gurutzea Errepublika garaikoa bada ere, orduan suntsitu baitzen jatorrizkoa. Egun, atalik interesgarriena idulkia da, haren lau aldeetan grabaturik baitaude lau ebanjelarien irudiak; egoera txarrean daude, ordea, eguraldi txarraren ondorioz.
Erliebeak manierista estilokoak izan litezke, nahiz eta datu hau ziurtatzerik ez egon; Edozein modutan, 1705ean, jada, aipatzen zen Gurutzeak edergarriren bat egin  beharra zuela.
Plaza hau sindikoak, alkateak eta apaizak “buleroari” harrera egiten zioten tokian dago, Espainiako Primatuaren buldak ekartzen zituenean.

Udaletxea

Oinarrian, XVIII. mendean administraziorako euskal eraikin gehienak bezala eratu zuten. Ondokoan islatzen da: lehen solairu arkupeduna, arkuteria plazara irekia, erdi-puntuko sei bao korritu inpostadunez osatua; bigarren solairuan bulegoak daude, lau bao eta bi balkoi ederren bidez Plazara ematen dutenak, eta azken bi hauen artean Felipe II.aren Armarri  Inperiala dago. Eraikinaren alboetan bi ate daude, erdi-puntuko arkuen bidezko sarbidea dutenak, eta, garairen batean, aurreko udaletxeren batenak edo bereganatutako beste eraikinen batenak izandakoak izan litezkeenak.

Andre Mari Plazako Ama birjinaren Baseliza

Plazako Ama Birjinaren Basilika XVIII. mendeko eraikina da, aurreko beste baten gainean badago ere (ziur aski gotikoa, XIV. mendekoa). Aurreko garaietatik kontserbatzen den bakarra, Plazako Ama Birjinaren tailu eder bat da, “Andra Mari” itxurakoa.

Ganga esferaerdi formakoa da, nerbio ia barrokoek zatikatua. Nerbio hauek Espiritu Santuaren usoa zortzi aingerutxoren artean sartua duen medailoi batean elkarturik daude.
Eraikinaren oina irregularra da, eta barnean oktogono bat du, goiko pisuan lau arku zorrotz estuk eta erdi-puntuko beste lau zabalek, txandaka jarriek osatzen dutena. Barnean, estilo barroko dekadenteko, ia-ia rococoko, hiru erretaula daude ikusgai. Erretaula hauek zutabe korintoarrak dituzte; Alboetakoak San Antoniori eta San Joseri eskainiak dira eta erdikoa Plazako Ama Birjinari. Plazako Ama Birjinari debozio handia diote Eltziegon eta zaindariaren jaiak, irailaren 8an, haren ohoretan izaten dira.

San Andres parroki eliza

Eltziegoko San Andres parroki eliza Mayor ibaiaren bazterrean  dago, herriko Plaza Nagusitik urrun. Nibelatu ahal izateko izugarrizko plataforma eraiki behar izan zuten, ikusgarria ibaitik begiratuta.
Parrokian biltzen dira zenbait arkitektura estilo, hasierako gotikotik hasi eta sakristia berriko neoklasikoraino.
Eraikinak, XVI. mendean harlanduan eginak, ohikoa den bezala, aldare nagusiaren aldea ekialderantz du; kanpotik uniformea dela badirudi ere, kronologikoki ez da horrela. Barnealdean nabaritzen da ongien eraikinaren bilakaera estilistikoa eta kronologikoa. Elizak nabe bakarra du, izugarri handia, 40 m luze, 16 m zabal, gurutzaduran 26 izatera heltzen direnak, eta 18,5 m altu.
Arkitektura estilo zenbait erabili zituzten bertan. Lehenengo bi atalak, dorreetatik hurbilen daudenak, gotikoak dira, habe nerbiodunekin eta arku formero zorrotzekin; hirugarren atala klasikoagoa da, izan ere, habeei pilastra hegaldunak erantsi zizkieten eta haien gainetik sortzen dira izar-gangen nerbioak. Berpizkunde estilo garbiena duen atala gurutzadurakoa da, han erdi-puntuko lau parpain-arku dira gaineko izar konplikatuaren euskarri. Aldare nagusiaren ingurua hargintza lan izugarriko abside erdizirkularrak osatzen du, erabat arrakalatua bera. Sakristiara gurutzaduraren eskuineko aldetik sartzen da, eta horixe da, hain zuzen ere, sakristia neoklasikoa, parrokian azkena egin  zen obra.

Erretaula Nagusia
Erretaula Nagusia, XVII. Mendearen erdialdera egina, barrokoko lehen garaietakoa da eta baditu Berpizkunde garaiko eraginak ere, obra guztian ikus daitekeen bezala. Pintura geroagokoa da, XVIII. Mendearen hasierakoa.
Erretaulak basamentua, hiru atal eta atikoa ditu eta hiru kale eta lau kale artetan banatuta dago. Basamentuaren  egitura Berpizkunde garaikoa da eta santuen erliebeak eta bi panel ditu; azken horietan Jesusen Atxilo Hartzearen eta Gurutzea bizkarrean zuela Jesusen Erorikoaren eszenak ageri dira. Basamentuaren parte da, garai bereko sagrario bat ere, eta erretaula guztiko bi tailurik garrantzitsuenak dituena, San Pedro eta San Pauloren bi irudi erdi isolatu, hain zuzen ere.
Kale-arte guztietan apostoluen irudiak ageri dira, eta kaleetan, lehenengoan XIX. mendeko ekisaindua eta bigarrenean San Andresen irudia azaltzeaz gain, Deikundearen eta Jaiotzaren eszenak agertzen dira, Errege Magoen Adoraziorenak eta Egiptorako Ihesaldiarenak bigarrenean, Ikustaldiarenak hirugarren kalean, eta konposizio guztia koroatzeko, Betiereko Aita frontoi kurbatuan, eta haren gainean Kalbarioa.

Beste zenbait erretaula
Badira elizan beste erretaula batzuk ere, irudi dantza etengabea eta aldaketa ugari izan dituztenak. Gurutzadurakoak Aldare Nagusiaren garai berekoak dira eta egitura arkitrabatua dute. Santo Kristori eskainitakoa kalitate handiagokoa da eta basamentuan Zigorraldia eta Arantzazko Koroatzea ditu irudikaturik, bestea Arrosarioko Ama Birjinari dago eskainia.
Lehenengo atalak bi erretaula rococo ditu. Antza denez, bat, San Joseri eskaini zitzaion, egun, beste tailu bat badu ere; eta Andre Mari Doloretakoari eskainitakoa, hasiera batean San Juani eskaini zitzaion eta gero antzaldatu zuten. Honek basamentuan “tumbao” izeneko irudia zuen; Tailu oneko Kristo bat da, beso artikulagarriak dituena, eta  orain gutxi egindako berriztapenen ondotik, koruko atearen ondoan jarri dutena.
Bigarren atalean Apezpikuaren erretaula eta San Antoniorena deiturikoa daude, parrokiako artxibategian azken hau San Joakinena dela agertzen bada ere. Lehenengoa organoaren azpiko aldean dago eta bi mihise eta bi irudi isolatu ditu, geroago jarritakoak irudiak. Manuel Francisco Navarrete y Ladrón de Guevara jaunak ordaindu zuen, herriko seme eta Mondoñedoko Apezpiku eta Burgosko Artzapezpiku izan zenak.

Korua eta koruko aulkiteria
Eltziegoko korua plateresko estilokoa da eta arku beheratu baten gainean dago. Bere ikonografia pertsonaia klasiko eta santu batzuen bustoen medailoiek osatzen dute.
Eraikin guztiaren ildoari jarriki, xumea eta dotorea da, intxaurrondozkoa eta bi saiotan egina:
XVI. mendea: gehiena orduan egin zen; aulkiak lauak dira, bizkarralde xumekoak, goiko aldean zutabetxo arrakalatuz bereziak eta beheko aldean landare-dekorazioa dute.
XVIII. mendea: moldaketa txiki bat egin zuten, albo-panelak erantsi baitzizkioten, horietarik bi urre-koloreko panelez dekoratuak.

Pulpituak
Pulpituak XVIII. mendean eginak dira, bata bestearen irudiko, eta burdinazko balaustraz eraikitako balkonajea urre-koloreko xaflaz estalita dute, eta ahots itzulkin altu-altua.

Organoa
 XVIII. mendearen hasierakoa da, estilo klasikokoa eta hodi ugari falta bazaizkio ere, jardunerako moduan dago. Lehengo beste batzuk, eta ez oraingoa baino garrantzia txikiagokoak,  galdatzetik sortua da oraingo hau, eta duen tamaina puska dela eta, balkoi korritua egin behar izan zuten korutik bertara iristeko.

Margoak
Absideko hormak, gurutzadurakoak eta lehen atalekoak, gurutzadurako mihiseak bezalaxe, XVIII. mendean polikromatu zituzten, baina zeukaten egoera kaxkarra zela eta, haietako baten goiko erdia ezin izan zuten berreskuratu, berriztatu zutenean.

Dorreak
Dorreak portadaren bi aldeetan daude, eta beren oin pentagonal irregularra, eta zazpi arku beheratuk osaturiko “loggia” batek  koroaturiko arku handi batek elkartuak egotea, dituzte ezaugarri nagusi. Eskuinaldekoak, goiko aldean, harrizko balaustrazko balkoi korritua du, bertan ezkilak daude; eta pinakulu eta ertz koskadunak dituen kapitel piramidal batez koroatua dago. Ezker aldekoa estuagoa da eta irregularra hau ere; goiko aldean hegal balkonatua du eta kapitel bat, eraldatua ezkila bat jartzeko.

Ebroko bide naturala GR - 99

Euskara

Ruta de las Casillas de Elciego

Euskara

Bisitaldi gidatua

Euskara

Orriak